miércoles, 2 de junio de 2010

LUIS BERRIZBEITIA



Luis Berrizbeitiak, nik dakidala, ez du asko idatzi, baina badu Susa argitaletxean poesia liburu on bat. Hortik atera dut poema hau:



EGIA NON DAGOEN EZ DAKIT



Poesia non dagoen ez dakit
baina badakit hurbilago duela
bila dabilkionak.
Libertatearen arbola non hazten den ez dakit
baina badakit baratza geure bihotzean duela
eta fruitua geure izpirituaren udan.
Gerlaren zaldia non bizi den ez dakit
baina badakit geure eguneroko akar txipietan bazkatzen dela
eta errausmenduaren pentzetan adierazten
bere kolerazko irrintzina.
Etorkizuna non dagoen ez dakit
baina badakit ibai bat dela
iraganaren mendietan sorturik
orainaren ibarretan hedaturik
geroaren itsaso hondogabean gorpuztuko dena
egunsenti eder edo galerna deboilagarriaren kolorez
pintatutako emakume baten antzera.
Jakituria non dagoen ez dakit
baina badakit bakarrik bizi dela
liburuetako xuxurlo ixiletan laket ez duela
eta huntzostoa nola harrietan
halaxe errotzen dela hura ere geure aurpegiko zimurretan.
Zoriona non dagoen ez dakit, baina badakit
hitz emez mintzo dela
eta izpiritu atzarriak baizik ezin adi dezakeela
solasik edo ordurik xumeenean.
Egiaz, egia non dagoen ez dakit
baina badakit mitxeleta bat dela
eta atsegin dut pentsatzez
ixtant batez
agian lerro hauetan ere pausatu dela.

4 comentarios:

  1. Aupa Jesus!!
    Bai , oso egile ona da.
    Zuk aipatu duzun liburua antologia da. Nik bere beste bi liburu ezagutzen ditut "Eremu karroinduak" Elkar argitaletxean eta "Zoperna jenerala" Pamiela argitaletxean. Biak ere oso onak (niretzat behintzat), batez ere lehenengoa.
    Izan ongi, Pello.

    ResponderEliminar
  2. Kaixo, Pello!
    Azken bolada honetan askotan ikusten zaitut hemendik. Pozten naiz eta mila esker zure ekarpenagatik.

    ResponderEliminar
  3. Aupa Jesus!!
    Bai, saiatzen naiz tarteka sartzen.
    Eta inoiz esan ez banizu ere, oso orrialde txukuna duzu, eta edukien aldetik kalitate handikoa. (sin peloteo, jakina!!)
    Laster arte,
    Pello.

    ResponderEliminar
  4. Nik ez dut irakurri Luis Berrizbeitiak idatzitako testu txarrik, itsusirik, sakon pentsatu ondoren idatzia ez dirudienik... 2009an eleberri bat itzuli ere egin zuen (Basamortua, Le Clézio-rena)

    ResponderEliminar

Este blog es personal. Si quieres dejar algún comentario, yo te lo agradezco, pero no hago públicos los que no se atienen a las normas de respeto y cortesía que deben regir una sociedad civilizada, lo que incluye el hecho de que los firmes. De esa forma podré contestarte.