Aldi berean arnasten ditugu argia eta errautsa.
Hasiera eta amaiera oinaztu berean bizi dira.
Eloy Sánchez Rosillo
Nola gorde errautsa kolkoan, eztulik egin gabe?
Nik nahia eta errealitatea, memoria eta ametsak
nahasi ditut albumak osatzeko.
Belaunikaturik ordenatu ditut nire txatalak.
Petroglifoak asmatu ditut nire kredoak laburtzeko.
Ahal izatera, kontratatu egingo nuke
nire kumearen zoriona.
Palmondo baten azpian atsedendu naiz,
epaile haizeputza,
Deboraren antzera Efraimgo zuhaizpean.
Ezin dezaket esan jaso dudan beste eman dudanik:
hainbat egoera taxugaberen erantzukizuna daukat.
Nire epitafioa pentsatu dut.
Nola gorde errautsa kolkoan, azala mazkildu barik?
Pospolo aldarrikatu dut neure burua
bat naizelako askoren artean
(eta mistoak historiako asmakari handienetakoa).
Amantalean batu ditut
lur pobrean hazitako pikondoaren fruituak.
Ispilu eta mailu garela ohartu naiz;
eta denbora, auto matxuratuz beteriko tunel bat.
Blondaz jantzi ditut cromlechak,
eguzki-loreak giza azalez,
zesarea galaktikoen mina estaltzeko.
Tratu gutxiegi izan dut izadiarekin:
sustraiak murtxikatu behar mirari-dosien bila.
Gaur aipatzeak lotsarazten didaten baina
inoiz salbamen izandako teoriak besarkatu nituen.
Larrialdi-argiak piztu ditut.
Nola gorde errautsa, begietan azkurarik sentitzeke?
Zirkulu zentrokideetan preso ibili naiz negu betean,
quo vadis, mulier mendicans?
Duintasuna izan dut teiladura distantzian.
Aztoratu egin zitzaidan adiskideen errolda
eta tximeleten elkartean eman dut izena
(nonahi saltzen dituzte litxarreria emozionalak).
Hildakoarena egin dut.
Hilda bezala egon naiz.
Bizkarra eman diot errealitate ikusgarriari.
Errealitate ikusgarriak iruzur egin dit:
begiak ikus dezakeenetik harago dagoen
zerbait da testuingurua.
Nola gorde errautsa, botalarria sentitu gabe?
Erosketak egin ditut merkealdietan:
balantza bat, ezpata bat
eta begietarako benda bat,
denak beharrezkoak aro zuzen honetan.
Non da fedea, non errukia, non itxaropena?
Esklerosi moral orokorrak kutsaturik,
zerrenda kopurutsuak egitera mugatzen naiz.
Deman jarri behar nituzke indar laurdenkatuok.
Exoplaneten bilduma egin dut
munduaren gangarkeria erbesteratzeko:
munduaren zoramenak kale gorrian utzi gaitu.
Talkaka aritu nintzen txakur-diruak lortzeko:
sasiarentzat ezina da arantzez gabetzea,
ai, gure galdubeharra, ai, gure patu atzenkorra.
Minduri nabil mural handi faltsu honetan.
Damu naiz eskuak gehiago lohitu ez izanaz.
Nola gorde errautsa, inor kutsatzeke?
Iltzez josi dut garrasika ari zen ate bat.
Akorduminez egin dut irrintzi
ilargiteak titi-puntak atximurkatzen zizkidala.
Txorimamuz mozorrotu nuen nire lurjabea:
huts egin zidan mastatzat neukanak.
Bere inkuboarekin jo dut larrua,
alua saminez gainezka:
ezer ez zen nigan sartzen
ahanzturaren umeltasun berdatsa izan ezik.
Jolastu egin nintzen haren inizialekin,
nire zauri nartzisistaren boutadea
memoria homeopatikoak elikatua.
Harrikatu egin nuen leizera bultzaka,
vade retro. Eta orain zer?
Agian ez dut maite-lagunik merezi.
Nola gorde errautsa, lepoa konkortu barik?
Estigma bat pintatu dut zilborrean, goraminez.
Urriloaren ardoa edan dut
eldarnioari erreguka nire luma ernaltzeko.
Irakurri egin dut, artelanei behatu diet.
Nire eskastasunaren proba-harriak irentsi ditut
eztarria erreminetan neukala.
Mukertu egin naiz oniritziaren traganarruarekin,
baina gailur elurtuak ere barrundatu ditut A-8 autopistan.
Poesiaren zertarakoaz dihardut galdezka:
zilegi al da gure ego kulturalarentzat idaztea?
Formaren esploradore dihardut, harea-erloju.
Behinola geurea izandakoaren
ontasun, egia, edertasun galdua
—erretakoaren zilarra—,
haren su sakona, borrokan ari da heriotzarekin.
Bada su bat bizitza erdi bi egiten diguna,
mamin-maminean markatzen gaituen erredura.
Nola gorde errautsa kolkoan?
Ez dago metodorik.
Bakar-lurrean eustea soilik,
faltan dugun zer horretan pentsatu gabe.
Bizitzak guretzako planik ez duela onartzea.
Eta, ordua denean,
urna askatu, arrakala zeharkatu.
Ez du inporta gaua baldin bada.
Kasu egin, deiak irauten duena irauten duela.
Bide sotil bat dago zuhaitzen artean
nire plazentaraino.
Gaur, 19:30ean
Aurkezlea: Igor Estankona
Musika: Karmele Castillo
Eta ezin bazara joan: Ekitaldia zuzenean jarraitu
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Este blog es personal. Si quieres dejar algún comentario, yo te lo agradezco, pero no hago públicos los que no se atienen a las normas de respeto y cortesía que deben regir una sociedad civilizada, lo que incluye el hecho de que los firmes. De esa forma podré contestarte.