Luis Berrizbeitiak egiari buruz idatzi zuenak balio du poesiari buruzko azalpen hau hasteko:
Egia non dagoen ez dakit
baina ba dakit hurbilago duela
bila dabilkionak.
Hala da, zer den edo non dagoen ez dakigu, baina badakigu desberdintzen, badakigu antzematen. Denok gara gai esateko aurrean dugun testu hori poesia den, ipuina den, nobela den, edo zentzurik gabeko zirriborroa den... poema ulertezin asko izan arren mundu honetan, zirriborroak baino ulergaitzagoak.
Historian zehar hamaika definizio egin dute adituek, filosofoek, pentsalariek, Aristotelesetik hasita gaur arte; baina poesiak ihes egiten du definizio guztietatik. Iheskorra da poesia. Agian horregatik gaurko kritikoak ausartzen ere, ez dira ausartzen definitzera. Definitu beharrean, ezaugarri batzuk zerrendatzen dituzte, eta listo. Hala nola, honako hauek agertu ohi dira: metaforaren erabilera, erritmo eta armoniaren presentzia, esanahi anitzekoa izatea, arlo afektiboaren inplikazioa, zeharka esateko modua, sen artistikoa, aurkezteko modu berezia, sortzearen asmoa..., eta, noski, lan klasikoen artean, neurria eta errima.
Hortik abiatuta, poema batek ezaugarri guztiak edo batzuk izan ditzake. Dena dela, poesia aldakorra denez, gero eta zailago da esatea zer ezaugarri betetzen duen. Batzuetan, aho bete hortz geratzen gara poema baten aurrean, zer esan jakin gabe, baina badakigu hori poesia dela, eta, gainera, gustatzen zaigula. Nola deskribatu, bestela, Artzeren lan batzuk (gelan duguna, esate baterako), Huidobroren Altazor (bereziki VII kantua), poesia bisuala, edo gaurko poesia zikina?
Bide hau, benetan, korapilatsu, eztabaidagarri eta luzea izateaz gain, ez da oso argia. Beharbada, poesiari gertatzen zaio Matematikari gertatzen zaiona. Matematika sistema batek, Gödelek dixit, ezin badu demostratu bere konsistentzia, ezin bada autojustifikatu, horrek esan nahi du kanpoan aurkitu behar duela, sistematik at. Ildo honetatik, poesiak poesiatik kanpo aurkitzen du zentzua, hau da, irakurleengan, gugan. Berrizbeitiak dioenez, hurbildu behar dugu, bidea ibiliz egiten baita.
Beraz, ez naiz tematuko, ez naiz saiatuko poesia definitzen eta berriro poesiari helduko diot. Honetan, Pako Aristik asmatu zuen Slogana –poesia al da slogan bat?- erabiliko dut azaldu nahi dudana adierazteko:
Maiteminduta bazaude,
poesia irakurtzea da
zoriontsu izateko modu bakarra.
Eta maiteminduta ez bazaude,
zoriontsu izateko modu bakarra
maitemintzea da.
Ondorioa: bizitza poesia baino askoz garrantzitsuagoa da, eta zoriontsua izateko ez da beharrezkoa jakitea zer den poesia; hala ere, lagungarria izan daiteke poesia maitasun mina, herri mina, lagun mina, dena delako mina arintzeko... gizasemeak garelako, geuk asmatu dugulako horretarako. Eta nik jaraituko dut poesia irakurtzen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Este blog es personal. Si quieres dejar algún comentario, yo te lo agradezco, pero no hago públicos los que no se atienen a las normas de respeto y cortesía que deben regir una sociedad civilizada, lo que incluye el hecho de que los firmes. De esa forma podré contestarte.