martes, 28 de octubre de 2008

IRAKURZALE AMORRATUA


Gaur Javi Cilleroren lan hau irakurri dut. Gaur hemen idaztea erabaki dut. Gaur, atzo bezala, eta, seguru asko, bihar ere bai, Cillerok aurkezten digun idazlea/irakulea, bat baino gehiago ondoan izango dugulako, eta, zoritxarrez, irakurlezaletasuna bultzatu behar dutenen artean; hau da, hezkuntza arloan. Hona hemen Irakurzale amorratua:


Ez zituen irakurtzen unikornioak agertzen ziren liburuak, ez kilker jakadunak, arrautza hiztunak, ipotx miresgarriak, edota elefante hegaldariak agertzen zirenak ere, eta biziki gorroto zituen neska eder lotiak eta pospolo-saltzaileak; ez zuen Erdi Aroko libururik irakurtzen, eta berarentzat Erdi Aroa Neronek zuzia piztu zuenean hasten zen; ez zuen mendebaldetik kanpoko zibilizaziotik zetorren libururik irakurtzen, basati hutsak zirelakoan; eta ez zuen itsas abenturarik irakurtzen, ez bale-arrantzaleak azaltzen zituztenak, arrain kiratsa jasanezina egingo zitzaiolakoan; ez zuen literatura antologietan gomendatutako libururik irakurtzen, Unibertsitateko kritikoak salduta zeudelako; eta ez zuen Shakespeare irakurtzen, isabeldarren ingelesez ez bazen, ez eta Dostoievski ere San Petersburgoko zirilikoaz ez bazen, edo agian alderantziz; ez zuen Faulner irakurtzen trinkoegia zelako; ez zuen Hemingway irakurtzen mehegia zelako; ez zuen Virginia Wolf irakurtzen bere buruaz beste egin zuelako; ez zituen Poe, Kerouac, Lowry irakurtzen, edari biziei emanda izan zirelako; eta ez zuen Marguerite Duras irakurtzen, aspaldian ezetza eman zion emaztegai bat gogorarazten ziolako; ez zuen psikologia freudzalea azaltzen zuen nobelarik irakurtzen, amarekin maiteminduta zegoelako; eta ez zuen bizi alargunik deskribatzen zuen nobelarik irakurtzen, emazteak adarrak jarri zizkionetik; ez zuen bera baino gazteago zen batek idatzitako libururik irakurtzen, haurtzaroan hartutako erabaki sendo bati atxikita; eta ez zuen joan den mendeko libururik irakurtzen, mende hori zeinahi izanik ere; ez zuen apaizak idatzitako libururik irakurtzen, ez apaizik agertzen zen eleberririk, ez apaizek gomendatutako libururik, apaizgaitegiko urte latzak gogoan; ez zuen zientzia fikziorik irakurtzen, ez eta zientzia hutseko eskulibururik ere; ez zuen berrehun orritik gorako libururik irakurtzen, ezta ehundik beherakorik ere; ez zuen ume moko bizargabeen poesia irakurtzen; ez zuen umoreko poesiarik irakurtzen; ez zuen hatxedun poesia irakurtzen ez bazen bolaluma gorri batez hatxe guztiak ezabatuz orriak irakurri ahala; ez zuen poesia dekadenterik irakurtzen; ez zuen poesia emea irakurtzen; ez zuen protobaskoz idatzitako poesiarik irakurtzen; ez zuen hitz espainolak tartekatzen zituen poesiarik irakurtzen, ez eta euskarazko hitzak tartekatzen zituen poesia espainiarra ere; ez zuen lehiaketa literaroietan saritutako libururik irakurtzen, eta ez zuen irakurriko, bere nobelak halako sariren bat lortu arte, behintzat; ez zuen saiakera libururik irakurtzen, Senekaren odolustearen ondorengoa bazen; ez zuen pentsamendu biguneko liburuxkarik irakurtzen, eta higuina ematen zioten bestelako pentsamenduek; ez zuen bidaia libururik irakurtzen, inperialista hutsak zirelakoan; eta ez zuen herri menderatuetako literaturik irakurtzen, garatu gabe zegoelakoan; eta nekez zabalduko zuen egunkari, aldizkari, hilabetekari, urtekari edo ehunurreneko gomendiozko libururik, zinema-zerrenda begiratzeko ez bazen.

Noizbait, euskaltzain izendatu zuten, eta hitzaldi sarreran irakurtzearen plazerraz jardun zuen.

Harribitxi hau Javi Cilleroren Hollywood eta biok liburuan duzue.

Irakurketa zoriontsu izan!

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Todos los comentarios que estén firmados serán bienvenidos, no mantendré anónimos.