Páginas

viernes, 3 de octubre de 2008

PEDRO

(Pedro guztien omenez)

Pedro 1944. urtean, Burgoseko herri txiki batean, jaio eta 1974. urtean, herri berean, hil zen. Bizitzan zehar ez zuen ezer garrantzitsurik egin: ez zion bere izena izar bati eman, ez zuen Naturaren lege berri bat aurkitu, ez zuen libururik idatzi, ez zen inoiz komunikabideetan agertu, ezta seme-alabarik izan ere.

Pedro tonto hutsa zen, inozoa, herriko memeloa. Kalean ematen zituen orduak eta orduak, besteei barre eginarazten. Udako ordu gehienak herriko plazako askaren ondoan pasatzen zituen, umeak bustitzen saiatzen eta edatera joaten ziren etxe-abereak uxatzen. Ume bat bustitzea lortzen zuenean, a zer zarata! Pedroren barre-algara herri osoan entzuten genuen. Neguan, ordez, oso gutxitan ateratzen zen etxetik.

Txikia zenean, oso gutxitan joan omen zen eskolara. Zertarako?, azken batean inozoa zen eta ez zuen ezer ikasi izango. Baina herrian esaten dute joaten zen bakoitzean oso ondo pasatzen zutela Pedrorekin jolasten. Edonola ere, ez zuen idazten ikasi, ez irakurtzen, ez Matematikako gauzarik errazena.

Gaztea zenean, oso gutxitan joaten zen lanera. Memelo izateaz gain, trakets samarra ere bai. 60. hamarkadaren hasieran, udako egun batean, garia jotzen zuela, narratik erori eta min handia hartu zuen besoan. Igeltsua ere ipini behar izan zioten. Hezurren bat hautsita zeukan eta. Horren ondorioz, herriko mutilok Pedrorengana joan eta behin eta berriz zirikatzen genuen:
-Aizu, Pedro, zergatik duzu igeltsua?
Eta berak:
-Tontoa naizelako!
Mutil guztiok barre egiten genuen, lehertu arte. Dirudienez, Pedro etxera joan zenean erori zen egunean, amak, haserre, hala erantzun zion: Hori gertatu zaizu tontoa zarelako! Eta gizajoak ondo baino hobeto barneratu zuen erantzun hori. Beti lelo berbera errepikatzen zuen.

30 urte bete baino zertxobait lehenago, urtarrilaren egun batean, hil zen pneumoniak jota. Andaluzian esaten duten bezala, hotz beltz batek eraman zuen Pedro. Ez zuen ezer garrantzitsurik egin bizitzan, herriko mutilekin jolastu eta gure txantxa gaiztoak jasan izan ezik.

Horretaz aparte, igelak, saguzarrak eta mota guztietako zomorroak harrapatzen ikasi genuen berari esker, baita besteei laguntza musu-truk ematen ere. Pedro edonori mesede egiteko prest agertzen baitzen beti. Berak jakinda edo jakin gabe, solidario hutsa zen, ezagutu dudan gizasemerik solidariorena. Gutariko batek negar egiten zuenean, edota triste zegoenean, Pedro horren alboan eseri eta, tutik esan gabe sorbalden gainean pausatzen zuen besoa negarra eta tristura desagertu arte.

Antzinako zibilizazioek, hildakoak gogoan izateko, hilarriak ezartzen zituzten. Gaur komunikabideak, liburuak eta interneta erabiltzen ditugu horretarako. Pedro ez da historiako urrezko orrietan agertuko, ez zilarrezkoetan, ez brontzezkoetan. Wikipedian ere ez. Hala ere, mugarri eta oroipen modura, hona hemen lerro hauek.

2 comentarios:

  1. Eskerrik asko idazkiagatik Jesus; honen bitartez danok konturatuko gara "tonto" hoiek zenbat laguntzen edota bizitza pozten diguten.
    Eskerrik asko artista
    Andoni

    ResponderEliminar
  2. Mila esker Andoni mezuagatik eta mezuan adierazi duzun ideiagatik.
    Mezu hauek dira bultzatzen nautenak idaztera.
    jesus

    ResponderEliminar

Este blog es personal. Si quieres dejar algún comentario, yo te lo agradezco, pero no hago públicos los que no se atienen a las normas de respeto y cortesía que deben regir una sociedad civilizada, lo que incluye el hecho de que los firmes. De esa forma podré contestarte.