Páginas

jueves, 9 de octubre de 2008

CLAUDIARI NORAEZEAN GALDUTAKO GUTUNA

Elatzetako boys-ei

Liluragarria zara, benetan. Egiten duzun guztia, liluragarri. Mugitzen zaren modua, liluragarri. Eguzkiaren izpiak lapurtu eta soinean daramatzazula dirudi, liluragarri hori.

Zer esan zure begi handi/dizdizari/berde garbi horiei buruz? Gizon bat baino gehiago zure begirada bereganatzeagatik mundua galtzeko prest legoke. Begi horiek, begiak baino amildegiak dira, eta amildegi gozo eta sakon horietan erortzen naiz, ikusten zaitudan bakoitzean.

Eta zure adatsa? Ez al da jainkosa batena? Ez, Afroditarena baino politagoa, Walkiriena baino rubixeagoa, Troiako Heleranena baino arriskutsuagoa. Badirudi goizalbaren argitasuna zure ilean bizi dela, eta goiz eder bateko usainarekin ederturik dagoela.

Ez naiz entretenituko zure aurpegi polit hori deskribatzen. Ogi berri egina bezain erakargarri, bezain samur, eta zure azala zuhaitzetik hartu berria den sagar leun, gozo eta jangarri hori baino eztiagoa.

Baina, erakartzen nauena, zorabiatzen nauena, taupadak eten eginarazten dizkidana, zera da: zure amaigabeko hankak. Nolatan kontrolatu nire burua, luxuzko eskailerak jaisten agertzen zarenean? Gainera, inportantzia izango ez balu bezala, biluzten hasten zara. 4. mailan kapela burutik kendu eta alde batera botatzen duzu. 9. mailan, eskularruek hegan egiten dute, eskaileratako zulotik. 11garrenean, jertsea. 16garrengo mailan -ai, ene!- akatsik gabeko zango horietako orkatila bi eta zertxobait gehiago azaltzen dira pantailan. Paradisura eramaten duten errepide horiek oso-osorik agertu baino lehen, iragarkia bukatzen da.

Liluragarria zara, maitea, baina gauza bat esan behar dizut, eta ez da erraza. Niri patata bezalako emakumeak gustatzen zaizkit: sinpleak, sendoak, trinkoak, gertukoak eta nutritiboak.


(Oharra: Idatzi hau Elatzetako mutilen arteko jolasketa besterik ez da. Hiruhilean behin edo, gau bat pasatzera joaten gara elkarrekin. Gau horietan, mundua konpontzeaz gain, luze hitz egiten dute batzuek emakumeei buruz. Bukaera ulertzeko jakin behar duzue poesia emanaldi batean J.L. Zabalaren Patatari oda irakurri nuen eta hor zeuden nire lagunak. Izenburuaren gainean klikatzen baduzue, poema zabalduko zaizue.)

2 comentarios:

  1. Dardar batek astindu nau begibistara argazkia agertzerakoan, kokotza dardar "baina gauza bat esan behar dizut" irudikatzerakoan. Hori poza patata tortila batek ekartzen nauena!! (argazkiari begira, noski!!)

    ResponderEliminar
  2. Eskerrik asko, anonimo, komentario eta sinpatiagatik.
    Jesus

    ResponderEliminar

Este blog es personal. Si quieres dejar algún comentario, yo te lo agradezco, pero no hago públicos los que no se atienen a las normas de respeto y cortesía que deben regir una sociedad civilizada, lo que incluye el hecho de que los firmes. De esa forma podré contestarte.