lunes, 15 de septiembre de 2008

TRENAK ETA BESOAK


Iluntasuna, gaueko iluntasauna. Negarra. Negar batean nengoen ni iluntasun handi hartan, eta nire aurrean, biboteak. Gizon baten bibote erraldoiak. Gizonak uniformea zeukala uste dut. Goardia zibila omen zen.


Trena aurrera zihoan nire negarrarekin batera. Amona hil omen zen eta amaren herrira gindoazen, penintsula erdia zeharkatzen. Bidaia luzea zen. Garai hartako bidaiak oso luzeak izaten ziren, garraioen abiadura motela zelako batez ere. Baina nik, bi urte baino ez nituenez, lotan eman nuen bidaia gehienetan.

Negar zotin hori berehala joan zitzaidan eta ez besoetako haurrak aldakorrak direlako. Ez, amak besoetan hartu ninduen bezain pronto, beldurra desgertu egin zen. Amaren golkoan murgilduta lasaitu nintzen eta bero-babes-lasaitasun hartan lokartu nintzen, trenaren triki-trakak lagunduta.
Badaude trenak eta trenak, bidaiak eta bidaiak. Tren batzuek elkarrengandik hurbiltzen gaituzte; beste batuek, aldiz, urruntzen gaituzte. Badakit trenak intetziorik gabeko izakiak direla, noski. Hala ere, irudikatzen dudan jasandako beldurra edota izandako poza, trenarekin lotzen dut.
Egia esan, bizipen asko dauzkat trenaren inguruan; hala nola, lehenengo aldiz lagunekin asteburu bat pasatzera joan nintzenean etxetik kanpo; soldaduska egitera joan eta trenak gogo eta animo guztiak arrastaka eraman zizkidanean; izugarri maite nuen laguna trenak irentsi zuenean gau batean; lehenengo neska lagunarekin itsaso ikustera joan ginenean, etxean tutik ere aipatu gabe; ustekabean trenak alaba zaharra utzi zigunean besoetan, Alemaniara joan ondoren...
Bai, tren mota asko daude, egoerak bezalaxe. Baina nik beti gogoan izango dut lehenengoa, eta ez da pasa nuen beldurragatik, ez, amaren besoengatik baizik. Orain beldurrak nitaz jabetu nahi duenean, burura ekartzen saiatzen naiz amaren beroa eta babesa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

NO HAGO PÚBLICOS LOS ANÓNIMOS. ESCRIBE TU NOMBRE DESPUÉS DEL COMENTARIO.